domingo, 30 de marzo de 2014

HARUNTZAGO JOAN


HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ!!!
HARUNTZAGO JOAN

Zenbaitetan berehalako momentuan bakarrik pentsatzen dugu. Zerbait nahi dugu eta une berean nahi izaten dugu. Baina, serioago eta lasaiago pentsatzen badugu, nahi dugun hori ez dugula behar edota ez dugula desiatzen kontura gaitezke. Inoiz gertatu al zaizu? Noiz?

“Kapritxo” bat lortzen ez dugunean haserretu egiten gara, serioago eta lasaiago pentsatu ez dugulako. Haserretu egiten gara eta ez gaude prest arrazonatzeko eta pentsatzeko. Horrela zaudenean, zer egin dezakezu? Saia zaitez gelditzearen eta serio pentsatzearen ondorio positiboak azaltzen.

Norbait “kapritxosoa” dela esaten dugunean, zer esaten ari gara? Nola jokatzen du “kapritxosoa” den norbait? “Kapritxoa” dela eta aurrera egiten dugu pentsatu gabe. Bukatu esaldia: EZ IZAN KAPRITXOSOA _______________ arekin!!!

“Kapritxoak” eta dirua askotan bat datoz, baina entzunda izango zenuke zoriontsua izateko ez dela dirurik behar. Diruarekin erlojua eros daiteke, baina ezin da denbora erosi. Zein gauza ezin dira diruarekin erosi?


GOGOETA EGIN: oso zoriontsua izan zaren unetxo bat pentsa ezazu, dirua eta “kapritxoak” behar al zenituen?

sábado, 22 de marzo de 2014

ELKARBANATU


HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ!!!
ELKARBANATU

   Jendetza handia joaten zen Jesusen eta bere ikasleen atzetik. Egun batez, berandutu egin zitzaien eta jendea gosetzen hasi zen... Jesusek guztiei jatera eman zien.

   Andresek esan zion Jesusi: "Hemen dagoen mutiko batek saski bat du bost ogi eta bi arrain dituela, baina hau ez da nahikoa hainbeste jenderentzat”. Jesusek esan zien:“Esan guztiei esertzeko”. Denak, bost mila inguru, eseri ziren han zegoen belartzan.

   Hartu zuen Jesusek ogia eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta hauek jendeari eskaini. Gauza bera egin zuen arrainekin. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako ogi eta arrain-hondarrekin hamabi saski bete zituzten.

Elkarbanatzen dugunean dugun gutxi hori, guztientzako irits daiteke.

Aste honetan gonbidapen hau egiten dizuegu: 5. LHtik 4. DBHraino gogoeta honekin batera SOS AFRIKAko boltsa bat emango dizuegu, nahi duzuen arropa guztia ekar dezazuen. Dagoeneko erabiltzen ez duzuen arropa behar dutenekin konpartitu dezagun.

Eta konpartitzearekin jarraituz, 2, 3, 4 eta 5 urteko gelak, 1.LH, 2.LH, 3. LH eta 4. LHkoek Irungo CARITASekin lana egingo dugu umeentzako gauzak jasoz0 eta 12 urte bitartean arropa eta oinetakoak, haurrentzako kotxeak, sehaskak, kotxe eta sehaskako izarak eta mantak, biberoiak, pixaoihalak…

Gogora dezagun aste honetako leloa:

HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ!!!

ELKARBANATU

domingo, 9 de marzo de 2014

BERDINTASUNA


HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ:
BERDINAK ETA HALA ERE DESBERDINAK!!!

Inoiz entzungo zenuke GUZTIOK BERDINAK garela. Hori esaten dugunean, zer etortzen zaizu burura? zertan gara berdinak? Egia da guztiok eskubide eta betebehar berdinak ditugula, baina munduari begiradatxo bat botatzen badiozu, egia al da guztiok eskubide berdinak ditugula? Zein egoeratan ez gara berdinak? Eta zein egoeratan gara desberdinak?

·         Ikasteko aukera izateak berdinak egiten gaitu. Aukera hori aprobetxatzen duzu?
·         Egunean hirutan jateko aukera denon eskubide bat izan beharko luke. Baino hori egia da? Zergatik?
·         Dauzkagun gauza guztiekin, nolakoa zara zu? Dauzkan gauzengatik eskerrak ematen dituzten horietakoa? Ala beti ez daukagunarengatik protestatzen duten horietako bat?

Goazen orain pixka bat pentsatzera dauzkagun gauza eta aukera guztietan (eskola, etxea, kotxeak, ordenagailuak, eskolako materiala, eskolaz kanpoko jarduerak….). Uste duzu mundu guztiko haur guztiek zure aukera berdinak dituztela? Zer egin genezake egoera hori aldatzeko?

Guztiok eskubideak ditugu, baina betebeharrak ere bai:

·         Besteak errespetatu behar ditugu.
·         Gauzak ondo zaindu behar ditugu (guriak izan ala ez).
·         Eskolan egindako lana aurrera atera behar dugu.
·         Etxean lagundu behar dugu, naiz eta gauza txikiak izan.

Eta eskolari dagokionez:

·         Zure gelakideak errespetatzen dituzu? Denak berdin tratatzen dituzu? Zergatik?
·         Materiala eskolarra zaintzen al duzu? Besteen materiala zaintzen al duzu?
·         Hurbiltzen zara arazoak dituen lagunengana?

lunes, 3 de marzo de 2014

GARIZUMA


HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ!!!
GARIZUMA

Baina, zer da GARIZUMA? Pazkoaren (Jesusen PIZTUERAren) festa handia prestatzeko, Elizak bihotz berritzera bideratzen duen denbora da. Garai honetan, hain onak ez diren gure jokabideak aldatzen saiatzen gara, bai gure buruarekiko bai besteen buruarekiko zintzoago izan gaitezen. Inportantea al da ondo egiten ez dugun zerbait hobeto egitea? Zergatik?

GARIZUMAk berrogei egun irauten du: Hausterre egunean hasi eta Ostegun Santuko Jaunaren Afariaren Meza baino lehenago amaitzen da. Denbora honetan zehar, gure bizitzan zenbait jokabide alda ditzagun gonbitea egiten zaigu. Zein jokabide aldatu behar dituzu zuk?

GARIZUMAn, Elizak erabiltzen duen kolorea MOREA da. Badakizu zergatik? Badakizu zer adierazten du kolore moreak? BIHURTZEKO garaia dela adierazten du, HOBETZEKO garaia dela eta gauzak HOBETO EGIN BEHARREKO garaia dela. Merezi al du egiten dugun guztia alhal den eta hobetoen egitea? Zer dela eta?

GARIZUMAn Jesusek gure bizitza aldatzera gonbidatzen gaitu, bai familian bai lagunekin bai klaseko kideekin elkarbanatzen eta ekintza onak egiten. Garai hau barkamenaren eta adiskidetzearen garaia da gorrotoa, ezinikusia, inbiria, haserreak… gure bihotzetatik botaz. Zein gauza gehiago bota beharko zenituzke?

HAIZEAK HITZAK ERAMATEN DITU, HAU EZ!!!
GARIZUMA, hau da, HOBEA izatea